Ingurua

Sunbilla

Mendaur mendi harkaiztsuaren inguruan dagoen edertasunez beteriko Malerreka bailaran, Doneztebetik 3 km-tara, Sunbilla eder eta abegikorra aurkitzen da. Herri hau bidasoa ibaiak bi auzotan banatzen du, Erdi Aroko hiru arkutako harrizko zubi eder batek egin du bien hauen arteko elkarlana mendez mende, urteetan zehar, Nafarroako errepide sarean erreferentzi puntu izan da gainera, nahiz eta eguneratu behar izan den, ibilgailuentzat bertze zubi bat eraikiz eta errepide nagusia Kale Nagusiaren ekialdetik, herri kanpoaldetik pasaraziz.

Kale nagusi honetan, udaletxea eta Arrutenea etxea daude, azken bi mende hauetan, turista eta bidaiarien ezinbertzeko geldigunea izan direlarik. Hemen aurkitzen bait ziren merkantzien garraioen galerak eta bidasoaren uren norantzak jarraitzen zituzten bidaiarien zalgurdiak. Oraindik gogoratzen dira kontrabando garaiko histori eta anekdotak, bide zahar hauetatik ibilgailuak mugitzeko izaten zituzten komeriak, batzutan, autoak harrapatuta gelditzen ziren, eta bidaiariek inguruko bentaren batetan ostatu hartu behar izaten zuten, eguraldia hobetu arte.

Malerreka

Bidasoa inguruaren hegoaldean Malerreka dago. Ezkurra eta Ezpelura ibaiek zeharkaturik, harizti eta pagadi handiak daude, bai eta ezin konta ahala erreka ere, denak sigi-sagan mendian beheiti. Honatx lurralde honetako udalerriak: Beintza-Labaien, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Urrotz, Oitz, Donamaria, Sunbilla, Ezkurra, Eratsun eta Saldias.

Lurralde pribilegiatu hau, bisitariei aukera paregabea eskeintzen dio inguruneaz gozatzeko, aisia eta kirol aktibitateak egiten.

Bidasoa ibaiaren naturbideak aukera ematen digu Bidasoaren ertzetan dagoen edertasun joriaz gozatzeko. Bidea trenbide zaharraren ibilbideari jarraikitzen zaio. Ibilaldi laua da, hainbat tartetan zolatua eta Endarlatsa eta Doneztebe lotzen ditu, trenbide hau 1956arte martxan zegoen. Mendiko ibilbideak ere egiteko leku aproposa da, baita ere, Elgorriagako Onddoaren Kofradiak prestatutako 8 Km-tako ibilbidea, nahiz oinez nahiz zaldiz egiten ahal dena. Bertiz Jaurerriko Parke Naturala dugu lekurik esanguratsuena, barnean 120 zuhaitz eta zuhaixka mota ezberdin dituen lorategi exotiko bat dugularik, naturzale guztientzako derrigorrezko puntu bat izanik.

Inguru honetan Leurtzako urtegiak daude. 1920an sortu zituzten izen bereko errekan, energia sortzeko. Leku ederra da eta oso ongi moldatua dago jendeak erabil dezan. Bada aparkaleku bat eta hainbat askaldegi ere bai.

Usadioei dagokienez, Iturenen eta Zubietan inauteri ezagunak ospatzen dira, Nafarroako zaharrenetakoak. Inauterietan, joaldunek (zanpantzarrek) espiritu gaiztoak uxatzeaz gain, lurrak bedeinkatu eta garbitzen dituzte.

Diseño web:EskizWeb! | Cod. de inscripción en el registro de turismo: UCR00850